Adelaida Umaran eta Manu Moreno: “Tokiko historia herritarrek kontatzeko tresna da herri-antzerkia”
Irailaren akabuan Gorlizen egin bezala, urriaren 7an, zapatuan, Busterri Herri Antzerkia elkarteko kideek 1836 su biren artean antzezlana taularatuko dute Plentzian, Eleiz plazan. Hala, elkarteak bost edizio beteko ditu Gorlizen edota Plentzian jazotako pasabide historikoren bat antzezten. Oraingoan, XIX. mendean Plentzian bizitako karlisten eta liberalen gudan oinarritu dira.
Busterri elkarteko atrezzo arduradunak dira Adelaida Umaran eta Manu Moreno: Umaranek, besteak beste, obrako zakuak eta janaria erosi ditu, eta Moreno armamentua sortzeaz arduratu da, baita obraren tabernako altzarien sorkuntzaz ere. Hala, antzezlanerako sortu edota lortu behar izan dituzten objektuen atzean antolakuntza zehatz bat dagoela aitortu dute: “Obraren zuzendaria den Jokin de Pedrok dokumentazio lan handia egin du. Gidoia beragaz irakurri dugu garaia kokatzeko eta, gero, artxibo historikoetan bilatu dugu jakiteko zer objektu zeuden, baita zer ez zegoen zehazteko ere”.
Modu horretan, detaile guztiak zaindu dituzte. “Tabernariak umeei jatekoa ematen die; sagarrak eta intxaurrak. Esaterako, platanoa agertzea ez zen zuzena izango, ez zelako orduko Plentziako fruta arrunt bat”, azaldu du Umaranek. Ordea, batzuetan bestelako erabakiak ere hartu daitezkeela azaldu dute: «Historiari erreparatuz, karlisten eta liberalen jantziak oso antzekoak ziren, baina zuzendariak erabaki zuen karlistak gorriz joatea eta liberalak beltzez. Hala, euren itxurak ezberdindu eta nabarmendu gura zituen antzezlanaren barnean.
Bere aldetik, Moreno duela bi urte hasi zen armak eta altzairuak egiteko probak egiten: “Hasieran, moldeak erretxinagaz egiten nituen, baina ez zenez etxean sikatzen, konturatu nintzen zuragaz gutxiago tardatuko nuela”. Hala, lehenengo prototipoa egiteko aste bat egon zen; egun, astero hiru edo lau eskopeta egiten ditu. Guztira, antzezlan honetarako, 28 arma sortu zituen maiatza eta ekaina artean. Halaber, jostunek egiten duten lana nabarmendu dute kide biek: “Ordu luzez aktore guztien jantziak josten dituzte eta, gero, pertsonai guztien jantzitegia gainbegiratzen dute banan-banan”.
Antzezlana bizkaieraz da, Uribe Kosta-Butroi inguruko euskaran. “Pertsonai batzuek gaztelaniaz mintzatzen dute, baina justifikatuta dago testuinguru historikoagatik. Esaterako, funtzionarioek edota kanpotarrek gaztelaniaz egiten dute”, azaldu dute.
Bestalde, atrezzoaz arduratzeaz gain, Umaranek eta Morenok figurante bezala ere antzeztuko dute obran. Modu horretan, daborduko egun gutxi falta dira 1836 su biren artean antzezlanak Plentziako plaza bere magiaz bete dezan.