Agus Perezen kritika. Berrian.

KRITIKA. Antzerkia

Patakon

Agus Perez
<em>1836. Su biren artean</em> antzezlana.
1836. Su biren artean antzezlana. LALI MARIMON
2023ko urriak 4

‘1836. Su biren artean’

Konpainia: Busterri Herri Antzerkia. Egilea: Jokin de Pedro. Zuzendaritza: Matxalen de Pedro. Zuzendari laguntzailea: Aitzol Iraola. Musika-zuzendaria: Iñaki Lagos. Jantziak: Olatz de Quadra, Ana Larrea, Amaia Garagorri, Cristina Urrestarazu. Eszenografia eta atrezzoa: Manu Moreno, Karlos Guillen. Antzezleak: Plentziako eta Gorlizko herritarrak. Lekua: Gorlizko Elizako plaza. Eguna: irailaren 30a.

Elizako erlojuak kanpai-hotsak jo eta atoan hasi da 1836. Su biren artean izeneko antzezlana. Gorlizen geunden, baina antzezlanean azaldutako gertaerak Plentzian jazo ziren, eta han ere antzeztuko da obra, urriaren 7an.

Dena zegoen prest txukuntasun osoz atondutako eremu eszenikoan, eta garaiz ailegatu garenok partaideen azken entseguen lekuko izan gara: udaletxeko atarian orkestra txiki bat jotzeko prest zegoen, biolina, teklatuak, harpa, gitarra eta perkusioa lagun, eta haien alboan Lirain abesbatzak bere azken ukituak eman dizkie emanaldian interpretatu dituzten kanta herrikoiei Loli Igartuaren zuzendaritzapean.

Izenburuak dioenez, lehen karlistadan kokatzen da obra, baina argumentuak ez du ez karlisten ez liberalen alde egiten, gerretan herri apala beti irteten delako galtzaile, bando batean zein bestean egon. Jokin de Pedro obraren egileak eta Matxalen de Pedro zuzendariak ikuspegi garaikide eta aurreratu hori eman diote bizkaiera ederrean idatzitako testuari, umeen eta kaleko jendearen bizipenei garrantzia emanez eta, aldi berean, langileen eta aberatsen arteko lubakia nabarmenduz.

Eta hor agertzen zaigu gure Patakon, herriaren aldeko bandoleroaren ezaugarri guztiekin hornitua eta bere dohainak Joana tabernaria zinez edo gezurrez limurtzeko erabiliz. Esaerak dioenez, «Patakon, dekonari kendu eta ez dekonari emon». Eta hor ere agertuko zaigu Don Pedro aberatsen administratzailea, beti gaztelaniaz bere ustezko finezia erakutsi guran eta Molierek barregarri uzten zituen pertsonaia haietariko baten rolean leporaino sartuta.

Eta gero urbanen batailoia ezagutu dugu, emakumeak ere izan zirelako deituak herria defendatzera horrek sortu zuen talka ideologiko guztiekin. Euren entrenamendu militarraren kontura koreografia polita interpretatu dute ia benetako eskopetak eskuetan zeuzkatela, eta hura izan da emanaldiaren unerik jasoena.

Ondo baino hobeto jagon dira eszenaratzearen alde guztiak: herritar arrunten bizitzarekin egindako trantsizioak, pertsonaien karakterizazioa, euskararen txukuntasuna, elementu eszenikoen disposizioa, argiak eta elizan proiektatu diren irudiak, zuzeneko musika… Eta amaitzeko, hara non orain gutxi jakin dugun bi urtean behin sortzen dituztela horrelako antzezlanak De Pedrok artxibo zaharretan bildutako informazioen gainean, eta oraingo hau laugarren aldia dela. Herri-antzerkiak sorpresa ederrak ematen dizkigu, gero!

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude