ISUSKITZA
2025erako BUSTERRI-ren obra berria

ISUSKITZAren aurkezpena
Busterri Herri Antzerkiak euskaraz ekoizten duen bosgarren antzezlan historikoa da Isuskitza. 2025eko urriaren 4an eta 11n taularatuko da Plentzian eta Gorlizen, hurrenez hurren.
Aurreko antzezlanaren bukaeran aditzera ematen da Plentziak, gerraren eta Urbanei (herriko emakumez osaturiko milizia) ezarritako isunen ondorioz, bere herri lurrak saldu beste irtenbiderik ez duela izango zorrei aurre egiteko. Isuskitza-k kontatuko digu hortik aurrera zelako bilakaera izango duen Plentziako eskualde horrek garai hartatik gure egunotara arte.
Enkantera irteten diren Isuskitzako lurrak Nikolas Olagibel plentziarrak eskuratzen ditu 1855ean, Gipuzkoatik ekarritako etorkin familia batzuk bertan ezarriz. Olagibelek nekazalgune ondo antolatu bat sortzeko bitartekoak jartzen ditu, tankera horretako ibar-lurrak landuz eskarmentua duten nekazari giputzek burutara eraman dezaten.
Alta, bigarren gerra karlistaren ondorioz plentziar ekintzaileak ondasun guzti-guztiak galduko ditu; halandaze, Isuskitza berriz ere enkantera irteten da. Lehenik Arrotegi, gero Gondra eta geroago beste batzuk izango dira lur horien jabeak. Bien bitartean, Isuskitzako nekazari-artzainek eusten diote Olagibelek sortu zuen antolamenduari, hark eraikitako baserrietan maizter gisa biziz. Bertakoen jatorri eta izaeragatik, auzune erabat euskalduna osatzen dute isuskitzarrek. Isuskitzan jaio eta bizi izan zen, besteak beste, Tomas Arrizabalaga Zitze trikitilari ospetsua eta txirenea, bere musika eta jatortasunarekin Isuskitza, Plentzia eta Gatikako bazterrak alaitasunez zipriztintzen zituena.
Baina Artabe egur saltzailearen eskuetara joan zenean, Isuskitzaren patua goitik behera aldatu zen: lehenik baso zaharra bota eta ondoren baserri guztiak eraitsita, nekazariak kanporatu zituen Isuskitzatik, eraikuntza enpresa bati saltzeko gero, txalet urbanizazio handi bat egiteko.
Orduko salmentaren ondorioz udalari laga beharreko lur zati batzuk ditu Plentziak oraindik mendi enblematiko horretan. Bertan dihardute hainbat bolondresek baso zaharraren zati bat behintzat berreskuratu eta lehengoratu guran, eukalipto, arkazi eta sasiekin borrokan, iraganarekin amestuz eta etorkizunera begiratuz.